24 Azaroa 2024

24 de November de 2023

7.500 parte-hartzaile Donostiako Zurich Maratoiaren 45. edizioan

  • Azaroaren 26an, igandea, jokatuko da Donostiako maratoiaren 45. edizioa, eta “dortsalak agortuta” kartela zintzilikatu behar izan dute lasterketarako oraindik hiru aste falta direnean, parte-hartzaile kopuruaren igoera handiarekin hiru distantzietan.
  • 58 nazionalitate ezberdinetako 7.300 korrikalari baino gehiago egongo dira irteera-gunean, % 27 emakumeak eta % 44 nazioarteko korrikalariak 
  • Azaroaren 25ean, larunbata, Gosaria Run ekitaldia egingo da, izena eman duten 250 lagunekin, eta Expo Sports (Korrikalariaren Azoka) irekiko da Kursaal Kongresuen Jauregian.

 Donostiako Zurich Maratoiaren45. edizioa jokatuko da 2023. urte honetan. Espainiako bigarren maratoi antzinakoena da, eta gaur goizean aurkeztu dute Donostiako udaletxean. Hantxe izan dira Joan Giralt (Zurichen ordezkaria), Ramon Goikoetxea (Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehendakaria), Azahara Domínguez (Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatua), Goizane Álvarez (Kultura eta Kiroleko foru diputatua), Iñaki Gabarain (Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia) eta Eneko Goia (Donostiako alkatea). 7.500 korrikalarik hartuko du parte lasterketan, eta dagoeneko, oraindik hiru aste falta direnean, agortu dira hiru distantzietarako dortsalak, distantzia nagusirako parte-hartzaile errekorrarekin: 3.500 korrikalari 42 kilometroko lasterketarako, 2.000 maratoi erdirako eta beste 2.000 10 kilometroko probarako.


Donostiako maratoia izango da, gainera, Zurichen 5 Handiak zirkuituko lehendabizikoa; Espainiako maratoi nagusiek osatzen dute ekimen hori: Bartzelonako Zurich Marató maratoiak, Madrilgo Zurich Rock’n’Roll Running Series lasterketak, Donostiako Zurich Maratoiak, Sevillako Zurich Maratoiak eta Valentziako Trinidad Alfonso Maratoiak. Hiru distantziak kontuan izanda, emakumeak izango dira parte-hartzaileen % 28 (2.026 emakume), eta % 44 nazioarteko korrikalariak izango dira (3.239), 60 nazionalitate ezberdinetakoak. Halaber, haien 100. Maratoia jokatuko dute bi atletak 45. edizio honetan: Orain dela 10 urtetik Donostian bizi den eta Donostiako 42 kilometroak 13 aldiz egin dituen Romain Purro atleta suitzarrak; eta Gasteizko Jose Maria García Cosgaya atletak.


Donostiako Zurich Maratoiaren 45. edizioa jokatuko dugu aurten, eta sasoi betean jokatuko dugu, gainera, parte-hartzaile kopuruari dagokionez datu bikainekin, eta ‘5 Handien’ zirkuituko protagonista izanik, Espainiako maratoi garrantzitsuenekin batera. Lasterketa hau kudeatzen dihardugun hiru urte hauetan ia bikoiztu egin dugu parte-hartzea, eta hori albiste bikaina da Gipuzkoako Atletismo Federazioarentzako eta Donostia hirirako”, adierazi du Iñigo Olaizola lasterketaren koordinatzaile nagusiak.

Maratoi gero eta azkarragoa
2022an estreinatu zen Donostiako Zurich Maratoiaren zirkuitua, eta hobekuntza handia ekarri dio lasterketari eta oso harrera ona izan du haien marka pertsonala hobetu nahi dute korrikalarien artean. Horren erakusgarri da maratoian parte hartuko dutenen % 40k hautatu izana hiru orduz azpiko erritmoa.


Hiru distantzietako korrikalariak abiatuko dira Hernani kaletik –hiriko erdigunean dago kale hori– eta Bulebar ezagunean amaituko dute lasterketa; gune horretan amaitu izan dira Frantziako Tourraren etapak, Donostiako Klasika, bai eta Behobia-Donostia lasterketa ospetsua ere. Erdigunetik, Antiguo auzotik, Amaratik, Loiolako Erriberatik eta Grosetik igaroko dira korrikalariak, hiriko leku enblematikoetan zehar, hala nola Kontxako pasealekua, Victoria Eugenia antzokia, Artzain Onaren katedrala, Kursaal jauregia eta Gipuzkoa plaza. Amaitzeko, kilometro bat baino gehiagoko zuzengune erabat lau batez gozatuko dute atletek helmugara iristeko, Gipuzkoako zaleen berotasunaren babesean.


2022an emakumeen kategoria errekorra hautsi ondoren, aurten, antolatzaileen helburua da gauza bera lortzea gizonezkoen kategorian. Iaz Rebecca Sirwanei Taniu atleta kenyarrak alde handiarekin hautsi zuen 27 urtez indarrean egon zen Ana Isabel Alonso espainiarraren errekorra, 2:23:94ko denborarekin. Denbora oso onak dituzten nazioarteko atletek osatzen dute 45. edizio honetarako eliteko kirolarien kartela: Benson Tunyo Murkomen kenyarra da aurtengo faboritoa (2h11ko); jarraian, haren herrikide Moses Kimulwo Tuyange (2h12′) eta Geoffrey Yego eta Kelvin Kimutai Maru daude, distantzia honetan debuta egingo dutenak, Matic Modic (2h25’) esloveniarrarekin batera. Emakumezkoen kategorian, bestalde, Leah Jerotich (2h32’) eta Emmah Cheruto Nwida (2h35’) kenyarrak dira podiumera igotzeko faboritoak.


Igandean bertan jokatuko da Gipuzkoako eta Euskadiko Maratoi Txapelketa ere, eta hogeita hamar korrikalarik baino gehiagok eman du izena; horien artean, nabarmentzekoak dira Francisco Javier Menta Martínez, Mikel Mujika eta Juan Luis Manso gizonezkoen artean, eta Ana Cruz Oyarzabal, Alazne Mujika, Nerea Egia eta Miren Josune Bikuña emakumezkoen kategorian. 

Korrikalariaren Azoka, anoa-postuak eta zerbitzu gehiago 
Kursaal Kongresuen Jauregia izango da aurten ere Donostiako Zurich Maratoiaren bezperako gune nagusia. Korrikalariaren Azokan (Expo Sports) kirolaren munduari eskainitako stand ugari egongo da. Oraingo honetan, ondorengo markak egongo dira: Zurich Aseguruak, Finisher, Corny, Yamaha, Zurich Marató Barcelona eta eDreams Mitja Marató Barcelona by Brooks, Pimiento Negro eta Sevillako Maratoia.  Gune horretara bertara joan beharko dira parte-hartzaileak haien dortsalak eta elastiko oroigarriak jasotzera larunbatean, hilak 25, 10:00ak eta 20:00ak bitartean, etenik gabe.


Bederatzi anoa-postu egongo dira guztira Donostiako Zurich Maratoian, eta ura, fruta, Finisher gelak eta Powerade eskainiko zaizkie korrikalariei; postu horiez gain, beste anoa-postu osatuago bat egongo da helmugan. Han, salda, pizzak eta beste hainbat produktu izango dituzte zain atletek. Arropazaindegi-zerbitzua ere egongo da, doako autobus-zerbitzu berezia hiriko hainbat lekutatik irteerako gunera arte, dominak grabatzeko zerbitzua, korrikalariak indarberritzeko zona masajistekin, online diploma, etab. Parte-hartzaile bakoitzak kamiseta bat jasoko du opari, eta Maratoia eta Maratoi Erdia amaitzen dutenei oroitzapenezko domina ere emango zaie.


Ekitaldi handi honek ingurumenean izan dezakeen inpaktua murrizteko, antolatzaileek ahalegin handia egin dute hondakin-sorkuntza ahalik eta gehien murrizteko. Kotxe eta moto elektrikoak erabiliko dira, kamisetak ez dira plastikozko poltsetan emango eta birziklatutako ehunez eginda egongo dira, eta anoa-postuen erdietan baino gehiagotan sare publikoko ura erabiliko da.


500 boluntario baino gehiago
500 boluntariok baino gehiagok jardungo du lasterketan, hainbat lanetan, hala nola dortsalak ematen, trafikoa eteten, anoa-postuetan korrikalariei jan-edanak ematen, animatzen eta lasterketa amaitzen duten guztiei dominak ematen. Boluntario horiek gehienak Gipuzkoako atletismo klubetako kideak dira, eta funtsezkoak dira neurri honetako ekitaldi bat antolatu ahal izateko.


Lasterketaren jarraipena: APP, YouTube eta ETB4 zuzenean
Lasterketaren aplikazioa oso baliagarria izango da lasterketan gertatzen diren gauza garrantzitsuenen inguruko informazioa eskuratzeko. Igandean bertan, parte-hartzaileen zuzeneko jarraipena egin ahal izango da, korrikalari bakoitzari dagokion dortsala sartuta. IOS eta Android gailuetarako dago eskuragarri aplikazioa.


Euskal Telebistak zuzenean emango du lasterketa 09:00etatik aurrera, ETB4 katean eta eitb.eus atarian. El Diario Vascok ere zuzenean eskainiko du lasterketa, haren webgunearen bitartez. Donostiako Zurich Maratoiaren YouTubeko kanal ofizialean ere ikusi ahal izango da lasterketa, baita aplikazioaren bitartez ere. Igandean bertan, lasterketaren inguruko laburpen osoa eskainiko du ETB1 kateak, 16:00etatik 16:50era.

Zurich Aseguruak, babesle nagusia aurten ere 
Bederatzigarren urtez jarraian izango da Zurich Aseguruak lasterketaren babesle nagusia; horrela, kirolaren aldeko bere apustua indartzen du aseguru-etxeak. Aurten, gainera, Donostiako Zurich Maratoia izango da 5 Handien zirkuitua irekiko duen lasterketa. 


Horrez gain, Gosaria Run ekimenean ere oso presente egongo da Zurich; Gosaria Run aurretiazko entrenamendua izango da, larunbatean, azaroak 25, 09:30ean hasiko dena. ‘Goitik behera’ Zurich korrikalarien Komunitatearen enbaxadore Abel Antónek dinamizatuko du entrenamendua eta aholkuak emango dizkie parte-hartzaileei. Zazpi kilometroko zirkuitua egingo dute Kontxako Badia ikusgarrian, Haizearen Orratzeraino, eta irteera-gune berean amaituko dute. 


Bestalde, Z Zurich Foundation fundazioak Donostiako Zurich Maratoia –distantzia guztietan– amaitzen duen korrikalari bakoitzeko euro bana emango dizkio Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioari. Era berean, Zurich Aefat Taldeak 25. maratoia egingo du Donostian, ataxia telangiektasia gaixotasunaren aurka borrokatuz. 2017an sortu zuten talde hori, eta oraindik sendabiderik eta tratamendurik ez duen endekapenezko gaixotasun hori duten haurrek eta gazteek osatzen dute, baita haien aulki bereziak bultzatzeko korrikalari boluntarioek ere, guztiak ere Estatuko hainbat lekutakoak.


Azaroaren 25ean, larunbata, 11:00etan, Expo Sports azokako Zurichen standean egingo da Zurich Aefat Taldearen aurkezpena. Estatuko hainbat erkidegotakoak dira gazte horiek, 15 eta 30 bat urte artekoak, eta ataxia telangiektasia gaixotasuna duten Aefat elkarteko 40 lagun baino gehiagoren ordezkari jardungo dute: Jon, Gasteizkoa; Barbara eta Adrian bikiak (Burgos); Alvaro eta Luis Illán anaiak (Terrassa, Bartzelona), Sara (Madril) eta Lola (Bartzelona). Taldea animatzeko etorriko diren beste familia batzuk ere izango ditugu igandean gurean.


Araba, Bizkaia, Nafarroa, Huesca, Bartzelona, Madril eta Erresuma Batuko korrikalari solidarioek bultzatuko dituzte haien aulki berezia, besteak beste Kepak, Arabako haur gaixoetako baten aitak. Abel Fernández Mendivil SpiderAbel izango da taldearen burua; Amurrioko (Araba) korrikalaria da Abel, ia 100 maratoi egin du bere Spiderman mozorroarekin, eta hainbat urte darama elkarteari laguntzen eta bere leialtasuna erakusten. “Ohorezko” korrikalari solidario bat ere izango du taldeak, Gary Shaughnessy hain zuzen ere, Z Zurich Foundation fundazioko zuzendari nagusia; kirolari bikaina da Abel eta hobetzeko grinaren eredu. Hainbat urte darama Aefat elkartearekin kolaboratzen, eta parte hartu zuen Donostiako maratoiaren iazko edizioan.

Azken albisteak

Otsailaren 15ean irekiko dira 2024ko Donostiako Zurich Maratoirako izen emateak

Donostiako Zurich Maratoiak edizio berri bati hasiera emango dio datorren ostegunean, otsailak 15, izen-emateen irekierarekin. Espainiako bigarren maratoirik zaharrenak 46. edizioa ospatuko du aurtengoan, eta sasoi betean egingo du, 2023an partaidetza errekor absolutua hautsi eta gero, 7.300 parte hartzailerekin, eta estatuko bost maratoi handienetako bat izateko hautatua izanda, Valentzia, Bartzelona, Madril eta Sevillarekin batera.  2023an ez […]

Irakurri gehiago

Donostiako ZURICH Maratoiak badu 2024-ko data

● Donostiako maratoia 2024ko azaroaren 24an, igandean, ospatuko da Donostia Zurich Maratoiaren 46. edizioak hurrengo ediziorako data berretsi du, 2024ko azaroaren 24an, igandean izango da. Lasterketako parte-hartze errekorra 7.500 parte-hartzailerekin lortu ondoren eta azaroan izena eman zuten maratoilarien errekorra ere (3.500) lortuta, Donostiako maratoiak herrialdeko garrantzitsuenetako bat dela erakutsi du berriro aurten. Gainera, Donostiako maratoiak eman dio hasiera […]

Irakurri gehiago

Benson Tunyok eta Emmah Cherutok irabazi dute 2023ko Donostiako Zurich Maratoia

Tunyo kenyarra, Donostiako 45. Zurich Maratoian maratoiko helmuga zeharkatu duen lehena, 02:12: 14ko markarekin.• Emakumezkoetan, Emmah Cheruto kenyarra gailendu da, 02:31: 24eko erregistroarekin.• 7.500 korrikalarik hiriko kaleez gozatu dute 10k, 21k eta maratoiko lasterketetan.  Zurich Maratoiaren Donostiaren 45. edizioa, Zurich Las 5 Grandes zirkuituko lehena, asteburu honetako Donostiako runningaren ekitaldi handia izan da. Antolatzaileek SOLD OUTen kartela eskegi […]

Irakurri gehiago

Main Sponsor

Institutional partner

Main Partner

Official Supplier

Charity Partner

Media Partner