24 Azaroa 2024

EU | ES | EN | FR

Historia

Donostiako Maratoiari buruz ari baldin bagara, 40 urtetik gorako historia duen lasterketa bati buruz ari gara; estatuan egiten direnen artean bigarren beteranoena da.

Donostiako Maratoiaren historia 1978ko urriaren 15ean hasi zen. Beraz, Madrilgoaren ondotik (maiatzak 21), Espainian korritzen diren guztien artean bigarren zaharrena da. Egin duen ibilbidearen gaineko errepasoa egiteko, duela urte batzuk El Diario Vascok elkartu egin zituen gure maratoiaren sorrera hurbil-hurbiletik bizi izan zuten bi pertsona. Patxi Ripalda eta Juango Ozkariz ziren, gaur egun Espainiako Atletismo Federazioaren ohorezko epaile bihurtuak biak. Garai hartan kargu espezifikoak eduki zituzten lasterketaren garapen logistikoaren organigramaren barnean.

Patxi Ripalda donostiarra 12 urtez izan zen Gipuzkoako Atletismo Federazioaren presidentea (1988tik 1996ra eta 2000tik 2004ra), GAFren Epaile Elkargoaren presidentea, epaile Bartzelona 92ko Olinpiar Jokoetan, epaile nazionala, eta lasterketaren lehen edizioetan ere parte hartu zuen. “Ni abiadurako atleta nintzen. Maratoiaren antolaketarekin piztu zen giroa ikusirik, hura prestatzera animatu nintzen. Esan behar dut, bai, nire giharreriak asko sufritu zuela. Maitasun handiz gordetzen ditut domina eta diploma, garai hartan presidente zen Jose Maria Imaz tolosarrak sinatua. Guztiaren sortzailea Rafa Puignau zena izan zen. Rafa atletismo zale amorratua zen. Europako lehiaketetan egona zen, eta liluratuta itzuli ohi zen esperientzia horietatik. Hirian maratoi bat antolatzeko aukera aipatu zigun. Orduan, talde zeharo amateur batek lanari ekin genion. Esan dezaket maratoiaren garapena eskulana izan zela ia-ia. Gaspar Esnaolak ere asko lagundu zigun; bitan irabazi zuen berak, 1981ean (2 h 24 min) eta 1983an (2 h 18 min)”.

Patxi bezala donostiarra dugun Juango Ozkarizek ere lagunaren hitzak berretsi ditu. “Sortzaile eta ideologoa gure Rafa Puignau maitatu eta gogoratua izan zen. Kirol honekiko zaletasun handia zuen, eta egunean zegoen beti, atletismoaren munduan gertatzen zen guztiari zegokionez”.

Eskuzko neurketa, txipak…

Eskulantzat hasitakoa, pitinka-pitinka aurrera egiten joan zen, probaren logistika nabarmen errazten zuen teknologia egokiagoa sartzeari esker. “Zoramena zen. Lehen edizioko ibilbidea lau kilometroko itzuli bat eta 19ko bi ziren. Homologaziorako, gurpila erabili genuen, eta zeharo aldrebes atera zen, asfaltoa zuloz josita zegoen eta. Hurrengo edizioetan zinta metrikoa erabili genuen. Lan handia eskatzen zuen sistema horrek, eta zenbait igande behar izaten genuen. Epaile talde bat ateratzen ginen, bat aurrena jartzen zen, eta 25 metroan behin hurrengoa, ehunera iritsi arte, eta horrela segitzen genuen 42,195 kilometroak osatu arte. Ibilbidea Paseo Berritik igarotzen zen. Geroago puntu hori kentzea erabaki zen, olatuen indarragatik. Guztira 2.500 atleta inguruk hartu zuten parte, horietako asko oso gazteak; gaur egun galarazita egongo litzateke, eta pentsaezina litzateke gainera horrelakorik. Deigarria zen ikustea nola iristen ziren gizonezko guztiak titiburuak odoletan zituztela. Kirol materiala, oinetakoak, elastikoak... ez ziren oraingoak bezalakoak. Kontrola eskuz egiten zen, eta dortsala inprimatuta eramaten zen, kateorratzez kamisetan lotuta. Gero zapatilan lotutako txipa iritsi zen, eta gaur egun dortsalean bertan txertatuta eramaten da”.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan ez zen ohikoa emakumeak running egiten ikustea, are gutxiago maratoi lasterketetan parte hartzen. Lourdes Gabarain tolosarra izan zen maratoi ofizial bat amaitu zuen estatuko lehen emakumezkoa. 1977an, artean ez zuten Espainian maratoirik egiten (atleta federatuentzat urtero egiten zuten estatu mailakoa salbuespena zen, baina emakumeek ez zuten parte hartzen), Lourdesek, adin nagusitasunera iritsi gabea bera, Bordeleko hiri frantsesean egin zuen debuta, eta 4 ordu, 51 minutu eta 32 segundoko denbora egin zuen. Rosi Talavera hernaniarrak, 17 urteko neskatxa zela, lehen edizioa irabazi zuen, 1978koa, eta 3 h eta 27 minutuko denborarekin garai hartako Espainiako marka ondu zuen. “Lehen urteetan neska kopurua hutsaren hurrengo zen. Oso ondo dago orain gero eta emakumezko gehiago izatea korrikan. Urtez urte emakumezkoen ehunekoak gora egiten du. Eta horien presentzia indartzen segitu behar da, gizonezkoen eta emakumezkoen partaidetza berdintasunezkoagoa izan dadin”.

Emakumezkoen lehiak oso jauzi kuantitatibo nabarmena egin zuen. Une horretara arte, marka onenak Maria Luisa Irizar atleta andoaindarrak zeuzkan, hiru garaipen baitzituen jada zirkuituan, denbora onena 1987koa zuela (2 h 36 min 11 s). Bost urte behar izan ziren, Ana Isabel Alonsok marka ontzeko (2 h 35 min 34 s). Palentziarrak hirutan irabazi zuen, eta 1995ean atletismo zale asko eta askori aukera eman zigun 2 ordu 26 minutu eta 51 segundoko denbora izugarriarekin Espainiako marka berria ikusteko; eta denbora horrexek segitzen du, oraindik ere, probako historia osoko onena izaten.

Oraindik ez duzu izena eman?

Aldaketa globalak norberak egindako pausoarekin hasten dira: heldu erronkari.

Main Sponsor

Institutional Partner

Official Partner

Official Supplier

Charity Partner

Media Partner